Esperientzia luzeko multi-instumentista ingelesa, azken 30 urteotan
hainbat talde eta egitasmotan jotzen eta kolaboratzen ibilitakoa.
Bertzeak bertze Fred Frith eta Bill Laswell-ekin Massacre taldeko kide izan zen, Camberwell Now taldea ere sortu
zuen, baina zalantzarik gabe esperientzia guzti hauen artean 70.
hamarkada bukaeran sortutako This
Heat taldea da azpimarragarriena. Charles Bullen eta Gareth
Williams-ekin batera antolatutako talde hau 70eko bukaera eta 80ko
hasierako rock talde ingeles pertsonal, berezi eta zoritxarrez
baztertuenetakoa izan zen. Gaur egun ordea belaunaldi berriek maiz
erreibindikatzen duten diskografia bikaina sortzeko gai izan zen
taldea. Orain, Charles Hayward-ek (This heat taldeko baterijole eta
abeslari izandakoak) bakarlari moduan zuzeneko emanaldi ikusgarri, bizi
eta erritmikoak egiten ditu, bere aitzineko egitasmoen indarra
gogoratzen dutenak eta zalantzarik gabe bat baino gehiago mugitzera
bultzatuko dutenak.
Nahiz eta ospetsu hitza musika talde bat deskribatzeko erabiltzea harro
xamarra gertatu daiteken, badira, bertzelako adjetibo egokiagorik
aurkitu ezinean, horrelako deskribapenak erabiltzea zilegi diren
kasuak, eta zalantzarik gabe AMM-rena horietako bat da. 40(!) urte
baino gehiagoko aktibitate geldiezinak, dozenaka diskek, ehundaka
kontzertuk eta nagusiki inprobisazio askearen munduan egindako ibilbide
pertsonalak hala baieztatzen dute.
AMM 1965ean sortu zen hirukote modura, Eddie Prévost, Keith
Rowe eta Lou Gare kide izanik, helmuga jakinik gabeko baina norabide
zuzeneko musika bidai berezi bat abiatzeko helburuarekin. Free
jazz-etik abiatuta, edo hobe jazz musikaren mugak gainditzea helburu
izanik, forma musikal berri eta iraultzaileen bilaketan talde aldakor
hau musikari belaunaldi desberdinen eta hainbat aldaketa sozial,
politiko eta kulturalean testigu izan da, beti ere jarrera erostezin
bat erakutsiz. Denbora guzti honetan jatorrizko partaideez gain, AMM-n
maila haundiko musikari mordo batek hartu du parte, halanola, Lawrence
Sheaff, Cornelius Cardew, Christopher Hobbs, Christian Wolff, Rohan de
Saram, Ian Mitchell eta John Tilbury. Hain zuzen 1980 urtetik aitzinera
AMM hirukote modura hasi zen lanean, Tilbury bera, Prévost
eta Rowe-rekin, 2004ean azken honek taldea utzi zuen bitarte.
AMM inprobisazio askearen historia bizia da.
Miguel Angel García, edo XEDH
ezizenaren azpian gordetzen den artista, gaur egun euskal lurraldean
egiten den musika, deitu esperimental, elektroniko edo arriskuzalearen,
erakusle nagusi eta garrantzitsuenetako bat da. Dagoeneko desagertu
diren Valvula Antirretorno edo Baba Llaga bezalako egitasmoetan parte
hartu ondotik, musika-bide iraunkor, bizi (bai soinuari nahiz
produkzioari dagokionez) eta zorrotza hasi zuen, gaur bitarte. Hasieran
landutako dark ambient-aren hurbileko sonoritateetatik, azken
lanetaraino, dagoeneko ezizenik gabe, Bilbon bizi den gasteiztar honek
musika konposizio elektronikoak sortzeko duen abilezia erakutsi du.
Bere lanak hain berezko duen tonu iluna mantentzen duten konposizioak
dira, entzunaldi sakon eta indartsuak iradokitzen dituztenak.
Azken hilabeteotan LARRASKITO netlabela zuzentzen du, lurraldeotan
egiten diren musika esperimentalak ezagutzeko nahitaezko egitura
digitala.
Jean-Luc Guionnet (Frantzia, 1966) saxofonista eta konposatzailea
izaera eta jatorri aski desberdineko musikarirekin lan egiten
esperientzia luzea duen artista da. Zerrenda luze honetan gure
jaialdiko zenbait ezagun topa dezakegu, halanola, Toshimaru Nakamura,
mattin edo Eric La Casa, baina baita bertzelako musikariak ere: Edward
Perraud, Eric Cordier, Mattin, Taku Unami, Dan Warburton, Olivier
Benoit edo Seijiro Murayama adibidez; Afflux (La Casa eta Cordier lagun
izanik) bezalako egitasmo interesgarriak ahantzi gabe. Bere bakarkako
lanak, musika konkretuaren, elektronikaren eta instalazioaren artekoak,
espazioaren soinua eta soinu paisaia bezalako gaien inguruko ikerketa
zabala suposatzen du.
Aurtengo ERTZ jaialdian Guionnet-ek zenbait emanaldi desberdin
eskainiko ditu: Beran elizako organoarekin kontzertua eginen du eta
Artelekun berriz saxofoiarekin bakarkako saioa.
STEPHANE GARIN: zuzeneko soinua
SYLVESTRE GOBART: filmea
Gurs. Drancy. Gare de Bobigny. Auschwitz. Birkenau.
Chelmo-Kulmhof. Majdaneck. Sobibor. Treblinka.
Polonia eta frantziako bigarren mundu gerrako deportazio eta erahilketa
lekuetan egindako argazki eta soinu grabaketekin osatutako
ikusentzunezko lana.
"Ekimen artistiko honek gure memoria kolektiboa baldintzatzen duen
ikonografiarekin hautsi nahi du. Hemen, garrantzizkoena memoria hori
moldatzeko eta berrikusteko saiakera da. Garai bateko tragediek
gurekiko mantentzen duten distantziek, memoriaren erritualizaziorako
edo monumentalizaziorako arriskua haunditzen dute, eta horregatik
artearen bidez, suntsipenaren ikusizko memoria hori elikatzeko beharra
dugu".
Iraupena: 48 min.
Ezizen berezi honenpean jakinminez betetako bi musikari ipurtarin topa
ditzazkegu. Bai Maitane Sebastián zinema aktoresa eta
musikari apartak nahiz Stéphane Garin multi-instrumentista
geldiezinak hainbat egitasmotan hartu dute parte elkarrekin, halanola,
Le Garazi Philantropik(e) orkestra edo aurtengo ERTZ jaialdian ere
parte hartuko duen "0" laukotean. Zentzu hortan Ennio como Violeta
abentura berri baten hasiera da, oraindik haurtzaroan beharbada (honako
lehen kontzertuetakoa da) baina esperientzia luzeak ematen duen
ziurtasunarekin. Bikoteak, zinema musikatik, jazz musikatik edo
jostailuekin egindako musikatik edaten du modu berean, nahasketa
iradokitzaile, goxo eta gustagarri bat eskainiz.
Aurtengo ERTZ jaialdian Stéphane
Garin-ek bakarka emanaldia eskainiko du irailaren 13an.
Maitane Sebastian eta Stéphane Garin-ek ENNIO COMO VIOLETA
bezala irailaren 14ean egingo dute emanaldia eta irailaren 16tik 18ra
biek, oraingoan "0" izenpean eta Sylvain Chaveau eta Joël
Merah-rekin tailerra eskainiko dute Donostiako Artelekun.
Iban Urizar (Cafe Teatro, Mengele Quartet,...) eta Mikel
Etxegaraik(Gutariko Bat, Voodo muzak, ...) osatzen dute bizarra.
Inprobisazioak izugarrizko garrantzia du beraien musika sortzerako
orduan. Free Jazz, inprobisazio askea edo elektronika esperimentala
izanik ere, bateria eta trompeta erabiliaz elektronikaren abantailak
aprobetxatzen dituzte beraien musika haratago eramateko. Soinu bortitz
eta eroak, film beltzenaren notak emeki joaz, aspaldiko orroak
entzunaz, soinuaren materia espazioak birsortzeko aprobetxatuz. Jazza
askea denean edo elektronikaren bitartez paisaiak marraztu nahi
direnean bezala.
Bizarra, Bzz....rrrrrr....Bzzzzzz...........rrrrrrrrrrrrrrrr.
ERTZ jaialdiaren 2006ko edizioan parte hartu ondotik, BIZARRA, geroztik
egindako kontzertu eta grabaketa sailak eman dien esperientziarekin,
ezohiko proposamen batekin bueltatzen dira, oraingoan formatu guztiz
akustikoan.
SONAR CIUDADES Xabier Iriondo, EUSKAL HERRIA 2007, 55
min.
Xabier Iriondo zuzendari gipuzkoarraren
estreineko lan luzea den honek, Llorenç Barber konposatzaile
valentziarrak jaialdi honetan bertan, 2006an eskaini zuen kontzertuaren
prestaketa eta interpretazioa erretratatzen ditu. Zinez, bai entzule
nahiz musikari moduan emanaldi hartan parte hartu genuenon
oroitzapenean oraindik bizirik dagoen ezkil edo kanpai kontzertua da.
Oraingoan, Iriondon objetiboak jasotako ikuspegia ezagutzeko modua
eskainiko digu zine proiekzio modura.
Gaurdaino Barber-ek hirientzako 150 kontzertu baino gehiago konposatu
ditu, Espainia, Mexiko, Portugal, Kolombia, Ekuador, Alemania, Italia,
Holanda, Austria, Ingalaterra, Kuba edo Frantzia bezalako herrialdetan.
"0" (zero) laukotea (orain gutxi arte "0
ensemble") nazioarteko musika esperimentalaren panoramako talde
aipagarrienetako bat da. 2004az geroztik, Baiona eta Brusela artean
kokatzen den egitasmo honek, hanka bat konposizioan eta bertzea
inprobisazioan jarrita, samurtasuna eta sutilezia ezaugarritzat
dituzten emaitza iradokitzaile eta erakargarriak erakutsi ditu. Horren
adibide dira laukoteak, John Cage, Morton Feldman, Taku Sugimoto edo
Erik Satie bezalako konposatzaileen obren interpretazioak, edo
gaurdaino argitaratu dituzten lanak. “O”-ko kideek
Ensemble Intercontemporain (Pierre Boulez -ek zuzendua) edo Tokyo
Philharmonic Orchestra bezalako egitasmo garrantzitsutan hartu dute
parte, eta Christian Fennesz, Bernhard Gunter, Phil Durrant, Nomos,
Mauricio Kagel, Nikos Veliotis, Pascal Comelade edo Georges Aperghis
bezalako musikariekin jo izan dute. Hainbat lan argitaratu dituzte
FatCat, Ant-Zen, Type, Creative Sources, Amanita, DSA edo Ameson
bezalako disketxetan eta Europa, Amerika nahiz Asian egin dituzte birak.
Mintegia:
Laukote honek eskainiko duen lantegi-tailer teoriko-praktikoa
Joël Merah-k konposatu eta ensembleak izen bereko diskan
argitaratutako "Music of Wheel" (Creative Sources, 2007) lanean
oinarrituko da. Partehartzaileek konposizioaren atzean dauden ideiak
ezagutuko dituzte, eta "0"ko partaideekin batera lana interpretatu ahal
izango dute. Lantegian parte hartzeko partaide bakoitzak bere
musika-tresna (berdin analogikoa, elektrikoa edo elektronikoa) ekarri
beharko du eta lantegiaren amaieran egingo den emanaldi publikoan parte
hartuko du. Forma musikal berriak edo taldean lan egiteko estrategia
berriak ezagutzeko jakinmina duten musikari, konposatzaile eta
soinu-artistei zuzendua.
Izen-ematea:
Dohain. Izena emateko bidali 2008ko irailaren 12ko 14:00-ak baino lehen
hortarako orria (ikus www.arteleku,net), kurrikulum-a eta partea
hartzeko arrazoien azalpena. partaideen aukeraketa tailerreko
arduradunek egingo dute eta irailaren 12an bertan jakinaraziko zaie
parte hartzaileei.
Informazio gehiagorako eta izena emateko ikus www.arteleku.net
webgunea.
SUBSONICS musika esperimentalari buruzko
dokumentari sailaren izena da, australiar telebistak ekoitzia eta Oren
Ambarchi musikariak eta Brendan eta Allison Walls produktoreek
zuzendua. Telesail honek 50eko hamarkadako abangoardietatik egungo
musikari esperimentalen belaunaldirainoko ibilbidea marrazten du, 60
hamarkadako elektronika analogikoaren esperimentuak, edo inprobisazio
askearen ordezkariak ahantzi gabe. Behin ere DVDan argitaratu ez den
eta kontsultatzeko zaila den telesaila izanik honakoa ezohiko lan hau
ezagutzeko aukera paregabea da.
1. ATALA
Mulatta records, Thai Elephant Orchestra, Ukawa Naohiro, Sue Harding,
Masonna, Sun Ra.
2. ATALA
Ai Yamamoto, Fahalim Ooshcasky, Scott Horscroft, Reynols, Faust.
3. ATALA
Voicecrack, Jim Denley, Harry Partch.
4. ATALA
Sachiko M, Toshimaru Nakamura, Martha Colburn, Curse ov Dialect, Keith
Rowe.
5. ATALA
Joyce Hinterding, Greg Kingston, GCTTCATT, Phill Niblock.
6. ATALA
Otomo Yoshihide, Leif Elggren, Francisco Lopez, Fuckhead.
Batzuek funk egiten dutela diote, besteek musika tropikala, batzuek
punk eta batenbatek tex-mex(!), baina Gora Japon bikoteak oinarrian
rock musika egiten du. Mirian (ahotsa eta perkusioak) eta Jon (gitarra
eta ahotsa) 2005ean hasi ziren elkarrekin musika egiten eta geroztik ez
dute denborarik galdu: Eugene Chadbourne (M.E.M jaialdian, 2005) edo
Maite Arroitajauregi izan dituzte lagun, hainbat jaialditan jo dute eta
diska bat grabatu. Erritmo kutsakorrak, nerbio oso berezikoak, tronpeta
galduak, gitarra errepikakorrak eta ahotsak nahasten dira beraien
kantuetan, denak bata bertzearen erritmora dantzan. Norbaitek oraindik
rock musika frexkoa izan daitekela sinetsiarazi nahi badizu, hau da egi
horren proba argiena beharbada.
Oier Etxeberria azpeitiarrak euskal
sonorismoaren adn-a berreskuratzen du, sampling-a eta zarata erabiliz,
nahasiz, xehatuz, saiakeran saiatuz. Hainbat urtez Akauzazte taldean
gitarra jo ondotik, Etxeberriak euskal kantutegiaren inguruko
(kantutegia zentzu zabalenean ulertuta) ikerketa prozesu interesgarria
abiatu du, momentuz "Ondamendia-C14" edo "Avenida del
cantábrico" bezalako argitalpenetan edo "Alde Zarra! (gure
musika)" edo "Kontzertu ekonomikoa" bezalako erakusketetan islatu dena.
2002. urtean lehen aldiz hartu zuen parte ERTZ jaialdian bere
jostailuen erakusketa batekin, 2006an zuzeneko emanaldi gogoangarri bat
eskaini zuen eta 2008ko edizio honetan Iparraldean ospatuko den saioan
parte hartuko du, oraingoan ere zuzenean eta Arra (akauzazte) baterian
lagun duelarik.
1999an desagertzeko zorian egon ondotik,
Frantziako Pau hiriko talde honek 2005eko udan bizi berri bati ekin
zion, laukote modura. Post-hardcore indartsu, ilun eta gogoz
antikonformista baten bidez, estetika oldarkorreko musika entzutera
gonbidatzen gaitu Kourgane-k.
Berdin ingelesez, frantseseraz edo gazteleraz abesten dute, hizkuntzei
baino, hauen erabileraren bidez bideratzen duten indarrari garrantzia
emanez. Gitarra biziak, bateria kolpe-segida intentso eta aizkolari
eroen oihuak gogoratzen dituzten ahotsak batuz, poesiaren eta
harakinaren kolpeen arteko nahasketa leherkaria sortzen du laukote
honek.